2016/02/29

Euskararen Donostia Binakako lasterketa martxoaren 20an



Martxoaren 20rako binakako lasterketa antolatu du Donostiako AEK-k.

Hiru kategoria egongo dira: neska-neska, mutil-mutil eta neska-mutil. Kategoria bakoitzeko lehenengo hiru bikoteentzat garaikurrak egongo dira eta lehen bikoteek -modalitate bakoitzean- sagardotegi-menuak irabaziko dituzte Gartziategi sagardotegian.

Nahiz eta lehenengo postuetan geratu ez, parte- hartzaile guztiek opari bana jasoko dute. Era berean, guztiek jasoko dute lasterketarako elastikoa, Forum Sporten eskutik eta hamaiketakoa, Super Amarak eta Gartziategi sagardotegiaren eskutik.

Izen-emateak: http://herrikrosa.eus/

Datu gehiago:

Ordua: 10:00etan
Irteera eta helmuga: Boulevardean, Bretxa parean.
Luzera: 6,00km
Prezioa: 20€ aldez aurretik.
Sari-banaketa Bretxan izango da. Dutxak Kontxan.

Animatu eta egin korrika euskararen alde!

2016/02/25

Karikaturak egiten


Karikatura tailerra egin genuen asteartean Ordiziako euskaltegian eta nahiko marrazkilari trebeak direla erakutsi zuten euskaltegiko ikasleek. Euskaltegiko 21 ikasle, 3 irakasle eta bi herritar gaztetxo bildu ginen Alex Herranzen gidaritzapean karikaturak egiten ikasteko. 



Emaitzak argazkitan ikusteko gehixeago itxaron beharko duzue. Jakin-mina piztu al dizuegu?

2016/02/22

Eskuratu Errigoraren olioa!




Eskutik eskura kanpaina bertako produktuak gure eguneroko kontsumo ohituretara ekartzeko proposamena da, gure kontsumo eredua aldatzeko gonbita. Kontsumitzaile arduratsuak herriz herri elkartzeko saiakera: gutako bakoitzari on egin dagion eta, denon artean, gure inguru hurbilari on egin diezaiogun.



Orain, Nafarroa hegoaldeko oliba olioa eskura dezakezu: 5 litro oliba olio ekologiko 32 euroan eta konbentzionala (5 litro) 22,5 euroan.


Eskaria egiteko epea martxoaren 2an bukatuko da eta gure euskaltegietan eska dezakezu. Informazio gehiago Errigoraren webgunean.


Nafar hegoaldeko uzta, eskutik eskura!

2016/02/17

Karikatura tailerra egingo dugu datorren asteartean

Karikaturak egiten ikasi nahi al duzu? Datorren asteartean egingo dugun tailerrean izango duzu aukera. Alex Herranz izango dugu irakasle eta berak irakatsiko digu marrazkia nola egin. Parte-hartzaile bakoitzak karikatura bat egingo du tailerrean. 



Tailerra hilaren 23ean izango da Ordiziako euskaltegian, 18:00etatik 20:00etara. Parte hartzeko interesa baduzu, eman izena Goiztiri AEKn.

Animatu!

2016/02/16

Urtarrileko lehiaketaren irabazleak

Urtarrileko lehiaketan Ordiziako inauterietako pertsonaia zein den galdetu genuen eta Zozomikote dela asmatu zutenen artean zozketatu genuen saria. Ordiziako euskaltegiko B1 taldeak, iluntzekoak, lortu du saria. Bejondeizuela eta gozatu Markel Ormazabalen liburuaz, Ruperren diskoaz eta Zozomikoteren ipuin-liburuaz!


Gogoratu otsaileko lehiaketa ere martxan dela. Parte hartu!

2016/02/12

Mertxe Mugika Info7 irratian

 Mertxe_mugika

AEKren Koordinatzaile Nagusi den Mertxe Mugikari elkarrizketa egin zioten Info7 irratian joan den astean. Hainbat konturi buruz aritu zen Mugika: AEK Jendea dinamika, 'Euskararen Txantxangorria', euskaldunen aktibazioaren inguruan egindako lanketa...Entzun elkarrizketa hemen.

Euskara irakasle izateko ikastaroa apiriletik maiatzera

postala


















AEK-n euskara irakasle aritzeko, oinarrizko glotodidaktika ikastaroa antolatu dugu, apirilaren 8tik maiatzaren 31ra. Ikastaroa konbinatua izango da (aurrez aurreko 5 eskola eta on-line jarduerak) eta 450 euro balio du.

Aurrez aurreko eskolak aukeratutako hiriburuan (Bilbo, Donostia, Gasteiz edo Iruñean) eskainiko dira, goizeko 9:00etatik 13:30era, apirilaren 8, 15, 22 eta 29an eta maiatzaren 13an.

On-line lanari dagokionez, http://www.egela.aek.eus plataforma erabiliko da. Nahi izanez gero hemen ikusi ahal dituzue ikastaro ezberdinen ereduak (erabiltzaile izena eta pasahitza: demoak)

Informazioa eta izen-ematea: e-idazkaritza@aek.eus

Matrikulazioa zabalik martxoaren 14ra arte!

Martxoko barnetegian izena emateko epea zabalik

 
Urritik ekainera, AEK-k Foruan (Bizkaia), Urdaibai Biosfera-Erreserban duen barnetegian, hilabete osoko ikastaroak eskaintzen ditu, maila guztietan (A1, A2, B1, B2 eta C1). Izan ere, barnetegia ez da udarako soilik eta asko dira neguan eta udaberrian ikastaro trinkoak edo barnetegiak egiteko aprobetxatzen duten lagunak.

Hurrengo barnetegia martxoaren 7tik apirilaren 1era izango da (izena emateko azken eguna otsailaren 27a). Informazio gehiago behar edota izen-eman nahi baduzu, 94 625 35 96 telefonora deitu edo gernika@aek.eus helbide elektronikora idatzi.

Eman izena eta ikasi euskara praktikoa!

- aldarrikatu, + praktikatu

(Zuzeu-tik hartua)

Enpresa pribatuek ez dute euskara baloratzen. Gutxietsia dute. Ez digute kasurik egiten, gure herrian gure hizkuntza erabiltzea aldarrikatzen dugunean.
Baina… euskaltzaleok (edo euskal hiztun soilak), eskura ditugun tresnak euskaratzeaz arduratzen gara? Enpresa pribatu horiei “euskara-eskaria” helarazten diegu?
Zoritxarrez, ez gehiegi.  Euskal hiztunok ez dugu baloratzen, guk geuk, bezero moduan enpresen aurrean dugun potentzialaz. Euskal hiztunen % txikiak egiten du.
Egia da, enpresa askotan ez digutela aurrez aurreko arreta egiten bertako langileek gaitasunik ez dutelako. Beste askotan, guri kosta egiten zaigu euskaraz zuzentzea arrazoi ezberdinengatik (ohitura, lotsa, aurreiritziak, konfiantza, denbora…).

Zeintzuk dira baina, euskaraz konfiguratu ditzakegun tresnak? Bada, telefonoa, posta (Gmail eta Hotmail, adibidez), bankuko txartelak, sistema eragilea ordenagailuan, nabigatzaileak (Firefox), fakturak, sare sozialak (Twitter, Facebook…), eta abar.
Horrelakoak euskaratzearen garrantzia honakoa da:
  • “euskararen eskaria” indartzea. Enpresek metadatuak jasotzen dituzte (internet erabiltzean datu asko sortzen ditugu, hala nola, zein hizkuntza darabilgun). Erabiltzaile kopuru absolutoa eta proportzionalak ondorio asko ditu (itzulpen gehiago egin edo ez, langile euskaldunak kontratatzea, etab).
Horretaz gain, alde pedagogikoa ere lantzen da:
  • Hiztegia/Esamoldeak barneratzea. Ikusiaren ikusiz, egunero termino asko ikasten ditugu era naturalean.
  • Hizkuntza ohiturak ezartzea.

Honen guztiaren harira, beraz, kanpaina zehatz bat jarri genuen abian Facebook-en, Facebok erabiltzaileek beren kontua euskaratu dezaten.
Pare bat egunetan 140 partekatze izan ziren. Uste genuen baino arrakasta gehiago izan zuen. Baina euskararentzat hori eskasa baino eskasagoa da. Erabiltzaile potentzialak aktibatu behar ditugu.
Hori dela eta, zure laguntza eskatzen dizugu ideia hedatzen laguntzeko. Guk geuk, denok, egin beharra dugu, nork  bestela?

Aldarrikatu bai, praktikatu ere bai!
Facebook-en agertzen den bezala… “Elkarbanatu”!

Otsaileko lehiaketa


 



Hilabete honetako galdera: Nork idatzitakoa da Amodioaren ziega antzezlana?


Saria: Amodioaren ziega antzezlana ikusteko 2 sarrera. Ekitaldia martxoaren 11n izango da, 22:15ean, Beasaingo Usurbe antzokian.



Parte hartzeko azken eguna: otsailak 29.


Bidali zure erantzuna:
  • E-posta: goierri@aek.org
  • Whatsapp mezua: 607 635 687 
Izen-abizenak eta telefono zenbakia zehaztu, mesedez.

Lehiaketaren laguntzaileak:


                                

2016/02/10

Zozomikote eta Aldabika euskaltegiko inauterietan




Azken urteetan inauteriak modu bereziak ospatzeko ohitura dugu: mozorroak, Korrikako petoak...Denetik egin dugu. Aurtengoan, Ordiziako ikasleek, goizeko zein arratsaldekoek, Zozomikote pertsonaiaren inguruko kontakizunak egin dituzte.  Talde bakoitzak ipuin bat azaldu du, azpiko bideotan ikus daitekeenez.




Abestia ere abestu dute guztien artean.



Zozomikote pertsonaia ez zen, ordea, protagonista bakarra izan. Taldeetako batek Lizarrako Aldabika lapurraren harrapatzea, epaitzea eta zigortzea antzeztu zuen. Ez zuten grabatzerik nahi eta, beraz, beraiek kontatu beharko dute istorioa. Zer diozue?

Jakintza ikastolako haurrak euskaltegian izan dira


Ordiziako Jakintza ikastolako haurrak Ordiziako euskaltegian izan genituen bisitan joan den astean. Hiru geletan banatu ziren haurrak eta ikasleei egiteko galderak ekarri zituzten prestatuta. 


 Abestu ere egin zuten umeek, bideoan ikus daitekeen bezala.


Eskerrik asko bisitagatik eta hurrengora arte!

2016/02/04

Eibarko euskarazko piropo lehiaketa martxan da


Eibarko Udal Euskaltegiak eta AEK-k, Udalarekin lankidetzan, piropo lehiaketa antolatu dute: piroporik onena hautatzeko lehiaketa izango da. Parte-hartzaile bakoitzak berak jaso edo bota nahiko lukeen piropoa aurkeztuko du. Bi sari izango dira: bat epaimahaiak hautatutakoarentzat eta bestea jendearen boto gehien jaso dituenarentzat. Epaimahaiak originaltasuna baloratuko du.

BALDINTZAK

  • Piropoak proposatu behar ditu. Adibideak ikusteko sakatu HEMEN.
  • Piropoak euskaltegietara edota udal liburutegira joanda aurkez daitezke edo posta elektronikoz honako helbideetara: euskaltegia@eibar.eus / eibar@aek.eus.
  • Azken eguna: otsailak 21.
Ez da piropo iraingarri, xenofobo, homofobo edota sexistarik onartuko.

HAUTAKETA

Aurkeztutako piropoen artean 2 hautatuko dira, bata epaimahaiak hautatutakoa originaltasuna baloratuta, eta bestea jendearen boto gehien jaso dituena izango da. 

Botoa emateko:

  • www.eibarko-euskara.com web gunean, martxoaren 6ra arte.
Aurkeztutako piropoen artean gehien gustatatzen zaizuna aukeratu eta botoa eman. Boto emaile bakoitzeko boto bakarra onartuko da.

SARIAK

Saria ematerako orduan, jasotako boto-kopurua eta epaimahaiaren iritzia hartuko dira kontuan. Bi sari emango dira:

  • Epaimahaiaren saria: Coliseoko emanaldi baterako bi sarrera, Armagintza Museorako bi sarrera, eta udalaren hainbat argitalpen.
  • Jendearen boto gehien jaso duenarentzat: Udalaren hainbat argitalpen.


Parte hartu eta aberastu euskara!

Alaia Martin AIZU aldizkariko martxoko alean



AIZU!ko lagunak Alaia Martin bertsolariarekin mintzatu dira, otsaileko alean. Pasa den abenduan, bigarren geratu zen Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalean, txapela janztetik hemeretzi puntura baino ez. Aurrekoan, 2011koan, hirugarren sailkatu zen. Txapelketa Nagusian, berriz, 2013an hartu zuen parte lehendabizikoz eta finalaurrekoetara iritsi zen.

Bestalde, AEK-Jendea egitasmoa izan dute hizpide. Ekimen honekin, AEK bidaide eta lagun izan duten horiek guztiak erdigunean paratu nahi ditu AEK-k. 2016ko protagonista Juanma Iturriondo (Donostia, 1964), Usurbilen bizi den lasartearra da. Azken hamarraldiotan euren burua euskaratu duten beste milaka eta milaka lagunen antzera, askorentzat eredu eta pizgarri da haren jarrera

Erreportaje hauek ere irakur daitezke:

- Mapudungun barnetegi batean
-Sormenaren erlauntza
-Atabalen espirituaz blai

Ika-mika atalean, Kanpezu AEK euskaltegiko ikasleek eman dute iritzia.

Musika, kultura, literatura... albisteak, komikiak, denborapasak eta gehiago AIZU! aldizkarian.

Aldizkaria etxean jaso nahi baduzu, harpidetza egin dezakezu. Horretarako idatzi e-posta juanma-e@aek.eus helbide elektronikora edo deitu 607 532 846 telefono zenbakira. Izan zaitez harpidedun!

2016/02/02



Azken hamarkadetan, milaka lagunek euskaldundu dute beren burua euskaltegi batean, eta egun euskaraz bizi dira. Juanma Iturriondo horietako bat da; duela urte batzuk Lasarteko Etumeta AEK euskaltegian euskara ikasi zuen eta, egun, bera ere AEK-jendea da.


Egitasmo honen bitartez, AEK-k bide hori egin duen lagun bat aurkeztuko du urtero. Garrantzitsua iruditzen zaigu izena eta aurpegia jartzea gurean bizi-esperientzia aparta izan duten pertsona horiei. Eskerrik asko hartutako erabakiagatik! Zorionak guztioi, zorionak Juanma!