2013/01/31

Korrika 18ri buruzko kopla sorta osatu dugu ikastaroan

Kopla ikastaroa izan genuen joan den asteartean Ordiziako euskaltegian eta parada ederra izan genuen Korrika 18ri buruzko kopla sorta egiteko. Mikel Artola bertsolariak kopla zer zen eta koplak sortzeko jarraitu beharreko pausoak azaldu zituen.

Azalpena amaitutakoan, taldeka elkartu eta bertan bildutako ikasleok eta euren irakasleeok gaiari buruzko helduleku bana hautatu genuen: omenduak,leloa eta ginkana, korrika egitearen nekea eta Korrikaren xedea. Hori finkatutakoan, koplak osatzeari ekin genion.


Talde bakoitzak bere koplak abestu zituen eta guztion artean kopla bat aukeratu genuen ahapaldi nagusirako. Jarraian, koplen ordena hautatu genuen eta, azkenik, guztion artean abestu genuen sorta osoa. Azpiko bideoan duzue emaitza:



2013/01/30

Ginkanarako izena-emateko epea luzatu dugu


Otsailaren 10era arte luzatu dugu Lekukoaren Bila izeneko ginkanan parte hartzeko izen-emate epea. Ginkanaren eskualdeko kanporaketa proba Ordizian jokatuko da otsailaren 23an. Ginkanan parte hartzeko 8 lagunez, gizonezkoak eta emakumezkoak nahastuta, osatutako taldeak behar dira eta taldekideek hainbat proba burutu beharko dituzte. Probek ahalegin fisiko pixka bat, talde-lana, punteria ona, koordinazioa, oreka, trebetasuna, lotsa eza…eskatuko dute. Proba gainditutakoan taldekideek hurrengo tokia bilatzeko pista jasoko dute eta horrela jarraituko beharko dute probaren amaierara iritsi arte. Probak lehen amaitzen dituen taldea izango da garaile.




Eskualdeko kanporaketa irabazten dutenek Gipuzkoakoa jokatuko dute martxoaren hasiera aldera eta herrialdekoa irabazten dutenek Baionan izango dute finala martxoaren 24an. Finaleko irabazleek bidaia ederra eskuratuko dute.

Parte-hartzeko Beasaingo edota Ordiziako euskaltegietan eman behar da izena. 943 88 93 40 edota 943 88 91 74 telefono zenbakietara dei daiteke edota beasain@aek.org zein ordizia@aek.org helbideetara mezua bidali.

Informazio gehiago hemen

2013/01/29

AEK Txotx egun ederra izan dugu!

Joan den larunbatean, AEK Txotx eguna ospatu genuen Usurbilen. Korrikak eta AEK-k euskara ikasleak omendu nahi izan zituen egun osoko jai honen bidez.

Goizean goizetik hasita txaranga giroa berotzen aritu zen eta ordu bata aldera izan zen kupelen irekiera.


Jarraian, Iratxe Ibarra eta Eneko Abasolo 'Abarkas' bertsolariak aritu ziren bertsotan. Bi bertsolari bizkaitarrak gure euskaltegiko kide bati aritu ziren bertsotan, saioa kamerarekin grabatzen ari zela ikusita. Hementxe duzue grabatutakoa:


Otorduaren garaia iritsi zen ondoren, eta txahal erre pintxoak dastatzeko aukera izan zen. 

Arratsalde partean, berriz, euskara ikasleen omenaldia egin zen pilotalekuan. Solasaldien bideoan agertzen diren euskara ikasleek AEKren eta Korrikaren omenaldia eta oparia jaso zuten. Edurne Brouard Korrikako arduraduna izan zen hizlari nagusia. 




Iluntze aldera Tximeleta taldeak giroa piztu zuen eta bertaratu ziren denak dantzan jarri zituen. Kantu jira ere izan zen ilunabarrean. Azkenik, Esne Beltza taldeak itxi zuen eguneko egitaraua.


2013/01/28

'Eman euskara elkarri' solasaldiak

Euskara ikasleak dira Korrika 18ren omenduak eta horietako batzuk agertzen dira azpiko bideoan. Euskara ikasleak Euskal Herriko zenbait ospetsurekin aritu dira solasean, euskarari buruz eta baita euren zaletasunei buruz ere.

Bideoa Eriz Zapirainek zuzendu du. 16. Korrikarako “Bidaia Intimoak” dokumentala egin zuen Jon Maiarekin batera. Ikusi eta gozatu!
Eman euskara elkarri!






2013/01/24

Kopla ikastaroa egingo dugu datorren asteartean

Agate deuna laster izango dela-eta, kopla ikastaroa antolatu dugu datorren astearterako. Korrika 18 gaitzat hartuta koplak sortuko ditugu Mikel Artola bertsolariaren laguntzaz. Ikastaroa 18:00etan izango da, Ordiziako euskaltegian. Animatu eta parte hartu!


2013/01/22

Txotx irekierako afaria egingo dute Arriarango Intxaurpe elkartean






Txotx irekierako afaria egingo dute Arriarango Intxaurpe elkartean datorren larunbatean, urtarrilaren 26an. Afaria 20:30ean izango da eta sagardoa dastatzeko aukera ere egongo da, noski. Horretaz gain, Urdangarin-Mitxelarena eta Matxain trikitilariak arituko dira giroa pizten.

20 euro ordaindu beharko dira eta parte hartu nahi duenak elkartean bertan, gure euskaltegian edota intxaurpelkartea@gmail.com helbidera idatzita eman behar du izena.

Ekitaldi hau Korrika Kulturalaren barrukoa da.

2013/01/21

Tuppersex bilkura egin dugu euskaltegian


Tuppersex bilkura egin genuen joan den ostegunean Ordiziako euskaltegiko ekitaldi aretoan eta 28 bat lagun elkartu ginen bertan sexurako erabil daitezkeen produktuak gertutik ikusi eta eurei buruzko informazioa jasotzeko.Umore alaiz eta irribarretsu egon ziren partaideak eta Leire Olaziregiri esker aholkuak jaso zituzten eta ezagutzen ez zituzten produktuen berri ere izan zuten. Kremak usaindu eta probatzeko aukera izan genuen, bibragailuak ere eskuetan erabili genituen, lentzeria jantzi zuten bilkuran parte hartu zuten bi herritarrek....Denetatik ikusi eta probatzeko aukera izan zen bertan, argazki galerian ikus daitekeen bezala.

 

Saioaren amaieran Leirek oparitutako produktu sorta zozketatu genuen ikasleen artean eta Beasaingo goizeko taldeko kide den Patxi Urangak eskuratu zuen. Zorionak, Patxi, eta gozatu!


2013/01/17

Euskara ikasleei omenaldia eta egun osoko festa izango dira urtarrilaren 26an Usurbilen


Korrikak eta AEK-k euskara ikasleak omendu nahi ditu Korrikaren 18.edizioan eta horretarako egun osoko jaia antolatu du hilaren 26rako Usurbilen. AEK Txotx izeneko ekimen honetan denetik izango da: sagardoa, pintxoak, trikitilariak, txaranga, ikasleei omenaldia, erromeria, Esne Beltzaren kontzertua....Hau guztia 10 euroren truke. Animatu eta goazen guztiok Usurbilera!



2013/01/14

Matrikulazio epea zabalik dugu 24ra arte




Urtarrileko matrikulazio kanpaina martxan dugu eta 24ra arte izango da zabalik euskara ikastaroetan izena emateko epea. HABEko 1.2 eta 3.mailako azterketak zein EGA prestatzeko 100 orduko ikastaroak eskaintzen ditugu. Horretaz gain, atzerritarrentzako 60 orduko AISA ikastaroak ere baditugu gure eskaintzaren barruan.

Informazio gehiago nahi izanez gero, gerturatu edo deitu Beasaingo 
(943  88 93 40) edota Ordiziako (943 88 91 74) euskaltegietara. Bestela, berriz, e-posta bidali beasain@aek.org edota ordizia@aek.org helbideetara. 

Animatu eta eman astindua zure euskarari!

2013/01/10

Tuppersex bilkura egingo dugu datorren ostegunean


Urteko lehen kultur ekintza datorren ostegunean egingo dugu, Ordiziako euskaltegian, 18:00etan. Proposamen berezia daukagu, gainera: tuppersex bilkura. Bilkura honetan sexurako erabil daitezkeen produktuak ezagutuko ditugu eta zenbait produktu probatzeko aukera ere izango da, nahi izanez gero. Gizonezkoek zein emakumezkoek parte har dezakete ekintza honetan. Animatu, beraz!



2013/01/08

Urtarrileko lehiaketa




Hilabete honetako galdera: Zeintzuk dira Korrika 18ren omenduak?

Saria: Publikoari gorroto antzezlana ikusteko bi sarrera. Beasaingo Usurbe antzokian izango da otsailaren 8an, 22:15ean.

Parte hartzeko azken eguna: urtarrilak 31.

Bidali zure erantzuna goierri@aek.org helbidera. Izen-abizenak eta telefono zenbakia zehaztu, mesedez.

2013/01/07

Itzuli gara, berriz!

Gabonetako oporrak amaitu dira eta hemen gara martxan berriz. Klaseak hasi dira berriro eta urte berri honek beste hainbat kontu ere badakarzkigu, tartean Korrika 18. Izan dezagula indarra, osasuna eta zortea, urte euskaldun honi ere etekina ateratzeko!

Urte euskaldun on!