2017/05/31

Idazlaguna abian


Beasaingo AEORRI taldekoek egitasmo berri baten berri eman nahi izan digute. Hauxe da bidali duten mezua:

Badakizue zer den mintzalaguna? Euskaraz mintzapraktika egiteko laguna. Eta “idazlaguna”?

Tira, izen hori jarri diogu gure egitasmo berriari. Helburua, euskarazko e-mailak elkartrukatzea da. Horretarako, Portugaleteko hainbat laguni mezuak bidaliko dizkiegu, eta haiek guri. Portugaleteko horiek ikasleak dira, gu bezala, eta AEKn ari dira euskara ikasten.
Beasaingo goizeko taldekook bidali diegu aurreneko mezua, eta bertan geure buruak aurkeztu ditugu. Agindu digutenez, laster erantzungo digute.
Egia esan, irrikitan gaude gure “idazlagunak” ezagutzeko. Kontatuko dizuegu nola joan den...
  

Berri gehiagoren zain izango gara, beraz!

2017/05/29

Ezetz asmatu Euskal Herriko zein pertsonaia den!

  1. Landarea balitz perrexila izango litzateke saltsa guztietan dagoelako.
  2. Kolorea balitz txuria izango litzateke, egiten duen lanean oso garbia delako.
  3. Liburua izango balitz txiste liburua izango litzateke, txisteak asko gustatzen zaizkiolako. Dena den, gustatzeak ez du esan nahi onak direnik, ahoan ilerik ez duenez, edozer gauza esan baitezake.
  4. Beti pozik eta animatua dago, beraz, animalia balitz txantxangorria izango litzateke. 
  5. Amaitzeko, edaria balitz txakolina izango litzateke.
Nor da?

2017/05/26

Uda AEKn: ez duzu ahaztuko

Ikasturtea bukatzear dago baina udan euskara jarraitzen ikasi nahi dutenek aukera paregabea izango dute AEKren barnetegietan. Euskaraz bizitzeko eta euskalduntzen jarraitzeko eskaintza zabala daukagu abian:

Mintzapraktika egiteko barnetegi ibiltariak ezin hobeak dira. Pedalei ekinez edota oinez, kirola egin eta Euskal Herriko parajerik ederrenak ezagutu bitartean, euskara praktikatzeko parada izango duzue.


Etxeko txikiekin harremanak euskaraz sendotzeko, familia barnetegiak daude. Helduek euskara ikasi bitartean, haurrak ere euskaraz aritzen dira jolasean, begiraleen zaintzapean. Arratsaldean, denek batera, ikasitakoa praktikan jartzen dute; txango eta ikastaroetan.




Euskalduntze barnetegiek ere egun osoan euskaraz bizitzeko modu polita eskaintzen dute: euskaraz gosaldu, euskara eskolak, euskaraz jolastu, euskaraz bazkaldu...

EGA, HABEren... azterketak prestatu nahi dituztenentzat ere badugu zer eskaini: propio horri begirako barnetegiak eta ikastaro trinkoak.

Etxetik edo etxetik gertu euskara ikasi nahi dutenek ez dute aitzakiarik! Horientzat ikastaro trinkoak prest ditugu AEKren euskaltegietan. Baita online ikastaroak ere!

Xiberera euskalkia landu nahi dutenek ere barnetegia egiteko parada izango dute, Mendikotan, uztailaren 24tik 29ra.

Udako eskaintza osorik HEMEN

2017/05/25

Korrikaren Atzetik dokumentala

20. KORRIKAn (aurrekoetan ere hurbildu izan dira), Iruñerrian bereziki, etengabe izan ditugu gure atzetik FESTARO taldekoak, haien kamerak eskuetan; zalantzarik gabe, esan dezakegu konplize handiak izan direla KORRIKA lau haizetara hedatzeko.

Hala eta guztiz ere, hori gutxi balitz, berriro ate joka ditugu, eta hemen ere haien azken lanaren berri eman nahi dugu. Izan ere, "KORRIKAren ATZETIK" izeneko dokumentala zabaldu dute. FESTAROkoek dioten moduan, "KORRIKAk 11 egunez zeharkatzen du Euskal Herri osoa, baina, aldez aurretik, lan eta jarduera asko daude egiteko. Hemen ikusiko dugu zer ezkutatzen den Korrikaren Atzetik". #KorrikaFestaro


2017/05/23

Datorren ikasturterako matrikula zozketa


AEK-k 2017/18 ikasturteko matrikula bat zozkatuko du AEKren ikasleek proposatzen dituzten lagun guztien artean.

AEK-ko ikaslea zara? Baduzu euskara ikasi nahi duen lagunik? Nahi adina lagun proposa dezakezu, galdetegia beteta.

Ezagutzen duzu AEK-ko ikasleren bat? Esaiozu zure izena proposatzeko eta galdetegia betetzeko.

Jasotzen ditugun izen guztien artean 2017/18 ikasturterako matrikula bat zozkatuko dugu. Era berean, sariduna gonbidatu duen ikasleak % 50eko beherapena izango du ikasturte horretako matrikulan.

Proposamenak irailaren 22ra arte jasoko dira, eta saridunaren berri irailaren 27an emango dugu.

Aurreko ikasturteetako irabazleak

2017/05/19

Ordizia ezagutzen


Ordiziako jubilatu taldeak herriko alde zaharra bisitatu zuen joan den ostiralean eta bertako historiaren berri izan zuten. D'Elikatuz interpretazio zentrotik abiatu ziren, handik elizara jo zuten, ondoren plaza nagusira, jarraian kale nagusian ibili ziren eta amaitzeko Frai Andresen estatuaren ingurura hurbildu ziren inguruan dauden jauregien berri izateko. 



2017/05/18

Ñañarri taldekoak sukaldaritza liburuaren jabe

Apirileko lehiaketan Iker Markinezen sukaldaritza liburua zozkatu genuen galderaren erantzuna asmatu zutenen artean. Ordiziako Ñañarri taldeari egokitu zaio saria, eta atzo eskuratu zuten liburua Markinezek sinatua eta eskaintza mezuarekin. Argazkian ikus daitekeen moduan, gustura hartu zuten oparia. Ea Markinezen errezeten laguntzaz prestatutako jakiren bat dastatzerik dugun! Eta bestela, berriz, on egin!

'Euskaraz bai' dekalogoa


Euskaltegiko ikasleak euskararen erabileraren eta hizkuntza ohituren inguruko hausnarketa egiteko lanketak egiten ari dira. Horren barruan, 'Euskaraz Bai' dekalogoa sortu dut. Irudietan ikus daitezkeenak, Ordiziako Anitzak, Ñañarri eta Beti ikasten taldekoek sorturikoak dira.



2017/05/17

Aholkuak ematen


Ordiziako Pinpilinpauxa eta Aizkorri taldeko kideak aholkuak lantzen ari dira eta gomendio sorta prestatu dute. Horma irudiak-prestatu eta gelan itsatsi dituzte.



2017/05/16

Erleei buruzkoak ikasten


Urretxuko Aikur erle museoan izan ginen atzo, astelehena, eta erleen inguruko kontu berri asko ikasi genituen Josune Epelderen eskutik: nola bizi diren, nola egiten duten eztia, zer modutara ugaltzen diren...Horretaz gain, hiru ezti mota ezberdin dastatzeko aukera ere izan genuen.


Bigarren solairura igotakoan, erleak ikusteko aukera izan genuen: langileak, erle mandoak eta erreginak. Euren erlauntzak ezagutu genituen eta nola bizi diren bertan.



Erleengana joateko ere prestatu zen Ana Merino ikaslea. Dotore dago, ezta?

2017/05/15

Maiatzeko lehiaketa



Hilabete honetako galdera: Zenbatgarren euskarazko txiste eta pasadizo idatzien lehiaketa da aurtengoa?

Saria: ekainaren 16an egingo dugun ikasturte amaierako irteeran bi lagunentzako afaria dohainik.


Parte hartzeko azken eguna: maiatzak 31.

Bidali zure erantzuna:

  • E-posta: goierri@aek.eus
  • Whatsapp mezua: 607 635 687
Izen-abizenak eta telefono zenbakia ipini, mesedez. 

Lehiaketaren laguntzaileak:

Txiste eta pasadizo idatzien lehiaketa martxan



Maite dugu umorea, barre egitea eta ondo pasatzea,ezta? Bada, are gehiago gozatzen dugu hori guztia euskaraz egiten dugunean. Ez al da hala? 

Asmo horiek tarteko, XXVI. Euskarazko txiste eta pasadizo idatzien lehiaketa antolatu dugu. 

LEHIAKETAREN BALDINTZAK
  • Zer: euskaraz, batuan edota euskalkian, idatzitako txiste edota pasadizoak.
  • Parte hartzaileak: 16 urtetik gorakoak.
  • Epaimahaia: Goiztiri AEKren ikasleak.
  • Parte hartzeko modua: pasadizo edo txiste idatziak e-postaz bidali behar dira goierri@aek.eus helbidera,  izen-abizenak, helbidea eta telefonoa jarrita.
  • Parte hartzeko azken eguna: ekainak 2.
  • Sariak:
    • 1.saria: 5 lagunentzako afaria Ataungo Urbitarte sagardotegian.
    • 2.saria: 2 lagunentzako afaria, gaueko egonaldia eta gosaria Zeraingo Oiharten.
    • 3.saria: tablet-a.



Parte hartu ekainaren 2a baino lehen!

2017/05/12

Dantza eta dantza Igartzan



Bi orduko dantza ikastaroa egin genuen joan den asteazkenean Beasaingo Igartza jauregian. Aurtzaka dantza taldeko kideak arin-arina, fandangoa, zazpi jauzi eta Lantzeko zortzikoa dantzatzen erakutsi zien euskaltegiko ikasle, irakasle eta gainerako parte-hartzaileei. Ederki astindu zituzten hankak eta gorputza!


Ordiziako Tximeleta taldeko ikasle den Carlos Madrazok bideo hau prestatu du dantza ikastaroan hartutako irudiekin. Lan ederra, Carlos, bejondeizula!



Bideo gehiago Youtubeko gure kontuan

2017/05/11

Harategiko erosketa

Ordiziako Harizti taldekoak erosketak nola egin ikasten hasi dira. Hori dela eta, harategian daudela imajinatu dute eta bertako egoera irudikatu ondoren, idatzi egin dute. Amaitzeko, idatzitakoaren irakurketaren interpretazioa egin dute.


Urtebetetzea ospatzen

Beasaingo AEORRI taldekoek behar bezala ospatzen dituzte urtebetetzeak, hamaiketako eder batekin hain zuzen ere. Joan den ostegunean taldeko kide den Gorkaren urtebetetzea izan zen eta gaur ez da jan-edanik falta izan ikasgelan. Zorionak, Gorka, eta urte euskahaldun on askotarako!

2017/05/10

Antzerkia, euskaraz hitz egitera ausartzeko

Argia aldizkariak AntzerkHizkuntza proiektuaren inguruko erreportajea argitaratu du webgunean. Antzerkia neska-mutikoak euskaraz hitz egitera ausartzeko bitartekotzat erabiltzen dute. 


Hemen irakur dezakezue erreportajea.

2017/05/08

Uda ikastaroak

Udan euskara ikasteko aukerak ugaritu egiten dira: euskaltegietan antolatzen diren ikastaro trinkoak eta mailak egiaztatzeko azterketak prestatzekoak, on-line ikastaroak eta nola ez, uda barnetegiak!


Ibilbide luzea duten barnetegien eskaintza zabala dago, euskara ikasteko lekurik onenetakoa: euskara ikasi nahi dutenak biltzeko, euskara entzungo den leku batera joateko, bertan euskaraz egiteko, bertakoekin zein ikaskideekin, eta euskaraz hainbat gauza egiteko. Hori guztia, gainera, leku ederrean eta giro onean, udako giroan. Horiek dira ohiko euskalduntze barnetegiak, euskara ikasteko jarraitzeko, edo azterketaren bat prestatzeko. Bestenaz, alde batetik, familia barnetegiak ditugu, euskara ikasteaz gain, familiaren hizkuntza ohiturak sendotzeko; eta beste aldetik, ibiltariak, mintzapraktika egiteko Euskal Herriko txokorik ederrenak ezagutzen diren bitartean.

Xiberera euskalkia landu nahi dutenek ere barnetegia egiteko parada izango dute, Mendikotan, uztailaren 24tik 29ra.

Eskaintza osorik HEMEN.

Udan ere hamaika aukera euskara ikasten hasteko edo jarraitzeko!

2017/05/04

AIZU! aldizkariaren maiatzeko alea kalean

Maiatza hasi berri dugu eta honekin batera, AIZU! aldizkariaren hilabete honetako alea ere kalean da. Jesus Mari Lazkano margolaria dugu azalean, berari egin baitiote elkarrizketa nagusia.



Horretaz gain, 'Euskalduntxarrak' irratsaioaren eta aragoieraren inguruko erreportajeak, Ane Santesteban txirrindulariari eginiko elkarrizketa eta beste hainbat kontu aurkituko dituzu azken alean.

Irakurri eta gozatu!

2017/05/03

Dantza ikastaroa datorren astean



Udaberrian hainbat festa izaten ditugu herriz herri eta baita erromeri giroko kontzertu ugari ere. Beasaingo jaiak hilaren amaieran izango dira, hain zuzen ere. Hori guztia aintzat harturik, egun bakarreko dantza ikastaroa antolatu dugu. 

Ikastaroa maiatzaren 10ean izango da, asteazkena, 18:00etatik 20:00etara, Igartza jauregian. 




Parte hartzeko interesa izanez gero, maiatzaren 8a baino lehen eman behar da izena Goiztiri AEK euskaltegian.

Animatu eta astindu hankak!

2017/05/02

Harizti taldea liburu eta musikaz blai

Martxoko lehiaketan liburu-sorta eta diskoa zozkatu genuen galdera zuzen erantzun zutenen artean, eta Ordiziako Harizti taldeak eskuratu du saria. Poz-pozik hartu dute, argazkian ikus daitekeen moduan. Gozatu irakurketaz eta musika entzunaldiez!